Radon gasa neurtzeko neurgailuak proposatuko ditu CPIEk

Usain eta kolore gabeko gas erradioaktiboa da radona. Jatorri naturalekoa da, eta oro har, ez du lanjer handirik eragiten. Haatik, batzuetan etxeetan metatu daiteke eta orduan, barneetako aire-kalitatea kutsatu dezake, eta kasu ematen ez bada, birikako minbiziak sorrarazi ditzake. Ipar Euskal Herrian, hamabi herrietan agertzen da gas erradioaktibo hau manera aski azkarrean: Baxe Nafarroan Lasan, Uharte Garazin, Arnegin, Hoztan, Donaixtin, Arrosan eta Ortzaizen; Lapurdin Urruñan, Biriatun, Saran eta Ezpeletan; eta Xiberoan, Santa Grazin. Hori dela eta, CPIE ingurumen zentroak radona neurtzeko dosimetro eta neurgailuak proposatuko dizkie herri horietako biztanleei. Ingurumen zentroaren egoitzetan eskuratu daitezke baliabide horiek.