Neguko tenperatura hotzekin, heldu da zuhaitzak landatzeko garaia. Usaian, azaroa erditsutik, otsaila bukaerara irauten du sasoiak. Horren kari zenbait landaketa egin dira Baxe Nafarroan. Azkena, abenduaren 12an antolatu du Baigorri ibarreko Ehiztarien Batasunak, Munhoako mazelan. Orotara, 30.000 euroko inbestimendua egin dute hiru hektareako oihana sortzeko. Haritzak, gaztainondoak, pagoak, fruitu arbola ttipiak… hamabost espezie desberdin ezarri dituzte, mendiko bioaniztasuna zaintzeko. CPIE Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorraren, Euskal Hirigune Elkargoaren, Departamenduko Ehiza Federakuntzaren eta Mendi sindikatuaren diru laguntzak ukan dituzte, besteak beste.