Urruñako Tokiko Elikadura Osasuntsuaren asteak bigarren edizioa ukanen du. Elikagaiek «hazitik, sukaldera» egiten duten bidea ikustarazi nahi du ekimen horrekin Urruñako herriko etxeak. Martxoaren 11etik 16rako astean eskolek ezagutza eta sentsibilizazio tailerretan parte hartuko dute, eta GEUZ egiturako kideek tokiko eta sasoiko menu bat prestatuko dute. Horrez gain, hainbat mahai inguru izanen dira eta bi dokumental proiektatuko dituzte besteak beste. 2025erako sukalde zentralizatu bat sortzeko proiektua du Urruñako herriko etxeak, eskoletako jantegietan tokiko ekoizpenak baliatzeko, baita adineko herritarrei etxez etxeko apairu banaketa proposatzeko ere.