Ruandako genozidioak 30 urte

Duela 30 urte, Ruandan Tutsien kontra gertatu genozidioa izan dute aipagai Baionako fakultatean martxoaren 14an. Lizeotarrek programan sartua dute Ruandako genozidioa eta hain zuzen, Etxepare lizeoaren ondoan den militarren kasernak lotura bat badu garaian gertaturikoarekin. Xabi Larralde eta Amaiur Lujanbio, lizeoko irakasleekin mintzatu da Ihintza Arrieta :

Errobi taldea berriz osatu dute Anje Duhalde eta Mixel Ducau

50 urteren buruan Errobi taldea berriz osatzen dute. Anje Duhalde eta Mixel Ducau goiz berriko gomitak genituen, eta nahiz eta musikariak aldatu diren, hainbat kontzertu eskainiko dituzte, horietan lehena maiatzaren 4an Bilbon.

Gidabaimena: 15 urtero mediku-azterketa egiteko ideia baztertu du Europak

Frantses estatuan ez da hamabost urtean behin mediku-azterketarik egin beharko gidabaimena ukaiteko. Horrela deliberatu dute Europako legebiltzarrean. Neurri horren bultzatzaileen arabera, bideko istripuak %50 murriztuko lirateke. Izan ere, geroz eta zaharragoa den populakuntza batean, gabezia fisikoek bideetako lanjerra emendatzen dute. Espainian edota Italian jada aplikatzen den neurria Europa osora hedatzea eztabaidatu dute. Ezezkoaren ondotik, estatu bakoitzak bere hautua egiteko aukera atxikiko du.

Ane Elordi: «Dena prest da bihar Korrika abiatu dadin»

Bihar abiatuko da 23. Korrika Irundik. 10 egunez Euskal Herriko hainbat bazter igaroko ditu EUSKARAREN alde Ipar Euskal Herrira bihar arratsaldean berean sartuko da Hendaiatik barna, eta ostiral eguerdi arte Ipar Euskal Herriko hiru probintziak zeharkatuko ditu. Urtero bezala, Euskal Irratiek zuzenean segituko dute euskararen aldeko lasterketak Ipar Euskal Herrian egiten duen bidea, 24 orenez.

Milaka euroko isunak, Ostiako lau auzipetuen kontra

Sustengu azkarra jaso dute Ostia kolektiboko auzipetuek. Ehunka pertsona bildu ziren Baionako auzitegian astelehen arratsaldean Filipe Laskarai, Jakes Bortairu, Dominika Daguerre eta Jeanine Beyrie babesteko. 2022an ekintza bat egin zuten Bouygues Immobilier eraikuntza enpresak Angelun duen bulegoan. Marieniako proiektuaren maketa lurrez estali, eta egoitza lastoz nahiz lurrez bete zuten. «Andeatzeak» sorrarazi izana leporatzen diete lau auzipetuei. Prokuradoreak 1000 euroko isuna galdegin du bakoitzarentzat, 500 euroko gibelapenarekin. Bouygues Immobilier enpresako abokatua zorrotzagoa jokatu du: 24.700 euroko kalte ordainak galdegin ditu. Deliberoa maiatzaren 14an emanen du auzitegiak.

Tokiko ekoizleak eta saltzaileak elkartzeko saloi bat Miarritzen

Ekoizleak, artisauak, merkatariak, ostalariak eta banatzaileak. Horiek denak bildu dira Miarritzen Jateko Saloian. Goazen eta Uztartu klusterrek bultzatu dute hitzordu horren laugarren edizioa, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen bultzada ukan dute. Gasna, esneki, txerriki, olioi, arno, erreximenta eta espezia artean, 30 mahai izan dira orotara. Zirkuitu laburreko ekoizle eta saltzaileen artean loturak indartzea da xedea.

Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren %70 osatzen dute. Horien artean, eragin azkarrak dute sare sozialek eta frantses buruzagiek zabaldu dituzten hitz mespretxagarriek oihartzun ezkorra eragin dute. Amaia Bessouet bidarraitarra Malin bizi da eta egoera horren lekuko da: «Macronek Maliko gobernu berriaz edota Ruandako presidenteari errandakoak izugarri gaizki hartuak izan dira afrikarren artean». Gainera, migrazio politikaren eta ikasketa bisatuen etetearen ondorioz «frantses kulturari irekienak ziren gazteak baztertu ditu Frantziak». Egoera horrek bestelako potentzien eragina azkartu du, hala nola, Errusia, Txina, India, Turkia eta, berriki ere, Iran zein Marokorena.

Donibane Garazin 90 etxebizitza berri eraikiko dituzte

Donibane Garaziko hirigintza plan berria aurkeztu du herriko etxeak. Laurent Intxauzpe auzapezak zehatu zuenez, 90 bizitegi berri eraikitzea aitzinikusten dute. Horietatik 35 bizitegi sozialak izanen direla segurtatu dute. Planak hiru proiektu barnebiltzen ditu, bi etxebizitzari lotuak, eta hirugarren bat kiroldegi berri bat sortzeko. Lanak 2025ean abiatuko lirateke Euskal Hirigune Elkargoko biltzarrak onartu ondotik.

Egun osoko egitaraua Irunen, Korrikari abiada emateko

Korrikaren abiatzea besta giroan eginen dute Irunen. Ostegunean abiatuko da arratsaldeko 16:00etan euskararen aldeko lasterketa, San Juan plazatik. Haatik, goizetik arratsera luzatuko da egitaraua. Buru belarri aritu dira antolaketa lanean AEKko irakasle, laguntzaile eta ikasleak. Gazte Korrikak eta Urdanibia plazako eskulangile merkatuak irekiko dute eguna goizeko 11:00etatik aitzina. Ber tenorean, mutxikoak izanen dira Almudena Grandes plazan eta bertso-triki-poteoa 12:30etan. Korrikaren abiatze ekitaldia, aldiz, 15:30etan hasiko da San Juan plazako oholtzan.