Hiruehun dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak. Haatik, gehientsuenak lapurtarrak ziren, hamaika orotara. Egun osoko egitarauarekin, taldeen arteko loturak azkartzeko beharra azpimarratu dute antolatzaileek. Zentzu horretan, preseski, maiatzaren 8an Dantzari Ttiki eguna antolatuko dute Donibane Lohizunen Begiraleak elkartearekin elkarlanean.

Urruñan lan foroa antolatuko dute lehen aldiz larunbatean

Lan foroa antolatzen du Urruñako herriak lehen aldiz. 'Job dating' arratsalde bat antolatzen dute larunbat honetan, lana xerkatzen dutenei enpresengana hurbiltzeko parada emateko. Foroa hasi aitzin bi hitzaldi izanen dira, lehena 13.30etan Bai Euskarari elkartearekin, eta ondotik merkataritza eta industria ganbararekin, bi egitura horien lana ezagutarazteko. Enpresek ostiral eguerdi arte dute parada izena emateko eta jakin ere, larunbatean lan eskaintzak izanen direla 18 urtez azpiko gazteentzat ere bai.

Iera Agirre: «Iparraldeko emakumeak esku huskan aritzeko duten debekua zentzugabea da»

Hegoaldean geroz eta emazte pilotari gehiago ari dira esku huskako zoingehiagokan. Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez dute aizu. FFPB Frantziako Pilota Federakuntzako medikuntza zerbitzuak emazteen esku huska txapelketak galaraziak ditu. Iparraldeko Pilota Batzordeak debeku hori bertan behera uzteko galdea egin badu ere, arraposturik ez dute ukan oraino. Bidea irekitzeko xedez, larunbat honetan Hegoaldeko emazte pilotarien txapelketaren finalerdia jokatuko da Miarritzeko Plaza Berrin arratsaldeko 18:00etan. Bertan lehiatuko dira Iturriaga-Orbegozo eta Barrokal-Agirre bikoteak. Irabazleek apirilaren 21ean jokatuko dute finala Antzuolan, Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontra.

Iparraldeko etxalde biologikoek ateak irekiko dituzte apirilaren 28an

Ipar euskal herriko hogei etxaldek ateak irekiko dizkiote publikoari «Etxaldez etxalde» ekimenaren kari. Etxalde guzi hauek biologikoan ari dira eta BLE Biharko Lurraren elkarteko kide dira. Ekimen horren hamaseigarren edizio hau apirilaren 28an izanen da. Biologikoan ari diren etxaldeen egin moldea ezagutarazteko xedea du. Gainera azken zenbakiak positiboak dira, 450 etxalde biologikoan dira Ipar Euskal Herrian eta instalazioak biderkatzen ari dira. Apirilaren 28an egun osoan, bisitak eta dastaketak izanen dira..

«Jakintzen talka» erreformak hezkuntza komunitatearen protesta eragin du

«Jakintzen Talka» izeneko erreforma (frantsesez, Choc des savoirs») martxan jarri nahi du frantses gobernuak irakaskuntzan, heldu den sartzean. Erreforma honen xedea da ama-eskolatik lizeora, ikasleen maila hobetzea. Horretarako irailetik goiti kolegioan, seigarren eta bosgarrenenko ikasleak mailen araberako taldetan banatuko dituzte. Neurri hori ikasleen «bereizketa» egitea bezala dela salatu dute hainbat buraso eta erakaslek. Baina neurri horren beste eragina elebitasunean diren ikasleentzat ere izanen da, hezkuntza komunitateko hainbat kidek salatu duten gisara.