Gamarte Parabileko Negueloua familiaren kantu-ondarea bizirik da. Pierrot eta Stéphanie Neguelouak, Anocibar anaien laguntzarekin, Amets taldea sortu dute. Erramun Neguelouaren eta ohiko kantuak berriz plazara ekarriko dituzte.
Gamarteko Parabileko Negueloua familia ezaguna da Baxenabarreko euskal kantugintzan. Erramun Negueloua zena, bere haurrekin, Jean-Pierre Harispuru Ibarlako adiskidearekin eta Xiberotar lagunekin ibili izan da plazaz plaza kantuz.
1985ean aita, seme alabek Beñat Galtxetabu eskusoinuan lagun lehen diskoa atera zuten. Geroztik, kantaldietan eta kantu xapelketetan parte hartu dute. 2015ean Erramunek bakarkako diskoa plazaratu zuen, ohiko eta hark sortutako kantu batzuk bilduz. Denborarekin, Negueloua anai arrebak plazetarik pixkanaka urrundu ziren, orain, kantuari berriz lotzen dira, Amets izeneko taldea sortuz.
Taldean Pierrot eta Stéphanie anai-arrebak dira kantari. Jérome eta Sébastien Anocibar musikariak dituzte ondoan, gitarran eta gitarra apalean. Amets taldeak Erramun Neguelouaren hitzak eta euskal kantu tradizionalak ematen ditu, eta jadanik grabaketa lanetan hasiak dira.
Ondoko hilabeteetan disko baten menturan gintaizkelakoan, aitzin jasta bat “Amodioa” eta “Herrian besta” kantuekin.