Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Amikuztarren parte hartzea azkartu nahi du EHZ festibalak

Bilkura publiko bat antolatuko dute apirilaren 11an Donapaleuko Pinkenia ostatuan. Amikuzeko aktore, herritar eta merkatariekin saretzeko asmotan ibiltzen dira festibaleko antolatzaileak.

EHZ
Euskal Herria Zuzenean 2024ko edizioa Aiziritzen iragan zen lehen aldia. EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
Xarlot Etxeberri
2025/04/09 14:59

Bigarren aldikotz Euskal Herri Zuzenean (EHZ) festibala Aiziritzen plantatuko da ekainaren 27tik 29ra. Iaz lan bat burutua izan zen festibala lurraldean inplantatzea, nola fisikoki, hala sozialki ere bai. Harrera on baten ondotik, bertako biztanleak gustuan parte hartu zuten antolaketan, laguntzaile gisa edota parte hartzaile gisa. Aurten, 2025ko edizioarendako, ber norabidea hartu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, apirilaren 11an, ostiralarekin, bilkura publiko bat iraganen da Donapaleuko Pinkenia ostatuan.


Hain zuzen ere, haien lehentasunetako bat da, Amikuzeko elkarte, saltegi eta biztanleekin saretzea. Elkarteekin harremanetan ezarri baldin badira elkar lanean aritzeko, bertako merkataritza ere biziarazi nahi du festibalak, eskualdeko produktuak erosiz. Gaur egun, kasik %100ean bertakoa da festibala, eta Kattina Haran Razin festibaleko antolatzailearen arabera, preseski lurraldeko ekoizleak eta enpresekin batera aritzea EHZren ezantza da. Horrez gain, biztanleen lekua ere bai agerian ezarri nahi dute, haien oharrak, galderak eta iritzien kontutan hartuz. Adibidez, iazko oinezkoen bidearen arrangura konponduko dute aurten.


Horregatik apirilaren 11an, ostiralez, festibalaren bilkura publikoa antolatua da Donapaleuko Pinkenia ostatuan (Hôtel de la Paix), 19:30etan, denei irekia eta elebidunez. Horren ondotik, poteoa iraganen da Donapaleuko ostatuetan ere bai. Parada elkarteaz puntuaren egiteko, aurtengo berrikuntzak eta Amikuztarren rolaren aipatzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu