Hau da berrikuntza nagusia XII. mendetik urtero uztailaren 31an eta agorrilaren 1ean antolatua den ferian. Aurten ere, ekitaldia erabakigarria izanen da urteko merkataritzarendako, batez ere zaldier dagokienez, ondoko hilabeteko prezioen finkatzeko.
Hau da berrikuntza nagusia XII. mendetik urtero uztailaren 31an eta agorrilaren 1ean antolatua den Garruzeko ferian. Egiazko ikurra bilakatu den feriari izigarri lotuak zaizkio garruztarrak, baita amikuztarrak ere. Zer erranik ez, herritarrek zein auzoek errexki parte hartzen dute antolaketan, bi egun horiek ahal bezain eder izan daitezen.
Urtero, lehen egunean zaldiak agerian ezarriak izanen dira, Euskal Herri osotik heldu diren kabalekin, baita Frantziatik edo Espainiatik ere. 1 000 mota guztietako zaldik plaza hartuko dute. Biharamunean 400 bat behier lekua utziko diete, blonda arrazakoak izanen baitira Garruzeko nagusiak. Hazleendako feria urteko ekitaldi nagusietako bat da salmenter dagokienez.
Horrez gain, aurten lehen aldikotz, artzain xakur lehiaketa ikusten ahalko dugu Garruzeko plazan. Hamar artzain haien txakurrarekin ibiliko dira publikoaren aitzinean, haien gaitasunen erakusteko. Euskal Herriko txapelketaren moduan, sailkatuak izanen dira Garruzeko lehiaketa xume honetan. Noel Xohobigarat antolatzaileak azpimarratzen du txapelketak ez baldin badu garrantzirik ukanen sailkapen ofizialean, Amikuzen hain arraroa dela espezialitate hori, non deskubritzeko parada eskuratu hartu behar den.
Aurten, urte guziz bezala 2 000 eta 3 000 pertsonaren artean itxoiten dituzte antolatzaileek. Jendetzari erantzuteko, aparkaleku bat plantan ezarri dute, autobus ttipi batekin feriara joateko. Aparkatzeko partizipazio xume bat galdeginen baldin badute, feriako sartzea kitorik izanen da.