Hirugarren aldikotz, festibala Baigorrin iraganen da urriaren 25 eta 26an. Euskal Herriko natura eta mendiko argazki festibalean maila guztietako argazkilariek aritzeko parada badute, nola lehiaketaren bidez, hala erakusketaren bidez.
Urriaren 25 eta 26an, Baigorriko plaza xokon, hirugarren aldikotz antolatuko den Kliska Festibala izanen da, Euskal Herriko ingurumena eta mendiko argazkilaritza ezagutarazteko helburuarekin. Ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen dute: CPIE ingurumen zentroak, Baigorriko Ibarreko Sindikatu Batzordeak, Hirigune Elkargoak eta Euskal Herriko Laborantxa Ganbarak. Festibalaren helburua, batetik, Euskal Herriko mendietako paisaiak eta bioaniztasuna erakustea, eta bestetik, argazkilaritzaren bidez herritarren sentsibilizatzea da. Horrekin batera, Departamenduak, Akitania Berriak, Europako laborantzarako funtsak eta Uraren agentziak festibalaren garapenean laguntza ematen dute.
Festibalaren ardatza, argazki erakusketa bat izanik, hainbat aktibitate eta ekintza ere izanen dira, publiko guzientzat. Egitarauan ere: jokoak, tailerrak, ibilaldiak eta hitzaldiak.
Argazkilaritza lehiaketan profesionalek eta hasiberriek, argazki bat aurkeztu dezakete. Lehiaketa honetan parte hartzeko baldintza bakarrak, artzaintza eta bioaniztasunari lotutako argazkiak izatea eta Euskal Herrian ateratakoak izan beharko dira. Gainera, eskolek eta bestelako egiturek ere parte hartzen ahal dute. Izena emateko eta argazkia aurkezteko epea irailaren 26ra artekoa da.
Bestalde, Kliska festibalak Plaza Xoko gelan erakusketa bat jarriko du, eta hamar erakuts mahai egonen dira. Argazkiak inprimatu eta landu beharko dira, eta erakuts mahai bakotxak 9m²-ko leku bat ukanen du.