Euri sorta batzuen pean ospatu da Nafarroaren Eguna Baigorrin, apirilaren 27an, Euskal Herriko xoko guzietatik hurbildutako ehunka jenderekin.
Goizeko lehen orenetik haste jende bazen Baigorrin, karriketan barna desfilea, gaiteroak, ziganteak, dantzariak, basandereak, basaldunak, txarangak eta artista desberdinen erritmoak eta koloreak nagusitu ziren. Desfilea elizako plazan bukatu zen eta han irakurri zen Bas-hitza, Basaizearen hitza.
Basaizea Kultur Batasuneko kideek aurtengo leloa azaldu zuten: "Kateekin ateak hauts." Nafarroako banderan agertzen diren kateei egindako erreferentzia baino gehiago adierazten du. Antolatzaileek, militanteek eta parte-hartzaileek, indibidualismoaren, faxismoaren gorakadaren eta euskararen zoin ingurumenaren kontrako erasoei aitzin egiteko kolektiboki antolatzearen aldeko aldarria egin zuten. Horren bidez, batetik, herri eta kultur identitatearen garrantzia aldarrikatu nahi izan zuten, eta bestetik, hainbat proiekturen inguruan elkartasunaren aldeko deia egin: Kanboko Marienia, Lekarozeko Aroztegia edo Bizkaiko Urdaibai izan ziren horietako batzuk.
Arratsaldean, bestak segitu zuen giro beroa eskainiz Mutil Gazteak, Atzarbale, Broken Brothers Brass Band, Bilabal, Kalume, Kaskezur, Bele, Ezezez eta DJ Lutxekin, musikaz eta dantzaz, irriz eta alaitasunez.