Haatik dantza konpainia Gipuzkoatik jinen zauku, uztailaren 21an, ikusgarri berezi horren emaiteko Donapaleuko Saint Louis zine gelan. Bertsolaritza eta dantzaren arteko elkarretaratzean oinarritzen den sorkuntza izen famatuekin sortua izan da.
Haatik dantza konpainia 2011an sortu zen, espresio toki eta moldearen bila ziren dantzari batzuen ideiatik abiatuz. Hamalau urteren ondotik, Errenterian ari den taldea etengabe mugitzen da, tradizional eta garaikide estiloen arteko dantzen proposatzeko. Usu Hego Euskal Herrian ibilitzen baldin badira ere, dantzariek behin baino gehiagotan parada ukan dute Iparraldean aritzeko, baita Euskal Herritik at ere. Hain zuzen ere, haien sorkuntzak Europan zehar emaiten dituzte, hala nola Portugalen duela gutti.
Talde profesionala izan arren, anitzek bezala gipuzkoarrek zailtasunak topatzen dituzte dantzaz eta haien arteaz bizitzeko. Horregatik, haien arabera beharrezkoa den profesionalisatzearekin batera, beste adarrak eta diruaren biltzeko manerak atxeman behar dituzte. Besteak beste, Haatik konpainiak Pasaiako dantza festibala edo profesionalendako formakuntzak antolatzen ditu, dantza ogibidea bilaka dadin.
Taldearekin sorkuntzarekin batera, 2011an, Errimak Oinetan ikusgarria sortu zuten bertsolaritza eta dantzaren arteko elkarretaratzean oinarrituz. 2020an, ber motako dantza lana sortzeko asmoarekin, Errimak Bi Oinetan ikusgarria sortu zuten. Kontzeptu berri honetan, bertsolariek eta dantzariek eszena partekatzen dute. Bertsoetatik dantzara ibiltzen dira ideiak, Euskal kultura eta sustraiak agerian ezarriz.
Bertsolaritzaren aniztasuna azpimarratu nahi izan dute ikusgarri honetan. Alde batetik, bertso plaza desberdinetan ibiltzen dira artistak, izan dadin txapelketetan, baina bertso afarietan edo plaza erdian ere. Beste aldetik, toinu desberdinak esploratzen dituzte, gai irringarriak, sakonak, edo engaiatuak aipatuz. Aipagaietan, feminismoa edo etxebizitzak atxemaiten ahal dira adibidez.
Bertsoak entzunez dantzariek dantza sortzen dutenez, emanaldiz emanaldi gaiak aldatzen ahal dira. Izan ere, publikoak ikusten duena beti desberdina da. Bertso klasikoak berriz erabiltzen baldin badituzte ere, Sustrai Colina, Xalbado, Lazkao Txiki edo Uxue Alberdirenak besteak beste; batzuk ikusgarriarendako sortu dituzte, eta beste batzuk Maddalen Arzallus eta Thierry Biscaryk momentuan berean inprobisatzen dituzte eszenaren gainean.
2020tik, hiru aldiz baizik ez dute Erritmoa Bi Oinetan ikusgarria eman, eta laugarren aldia Donapaleun izanen da, Saint Louis zinema gelan, uztailaren 21ean, astelehenez, 20:30etan. Lekuak oraindik goiti salgai dira Saint Louis zinema gelako webgunean edo zineman berean.