Donapaleuko herriko etxeko hautetsiak joan den astean elkartu dira, apirileko kontseiluaren kari. Aurrekonduak bozkatuak izan dira eta aitzinikuspenen arabera, herriko etxeak irabazi batekin bukatu beharko luke urtea.
Donapaleuko herriko etxeko hautetsiak joan den astean elkartu dira, apirileko kontseiluaren kari. Hilabete honetan kontabilitatea zen aipagai nagusia eta zenbakien inguruan aritu dira. Iazko finantza mailako bilanaren ondotik, 2025 urteko aurrekonduak bozkatu dituzte. Aitzinikuspenen arabera, herriko etxeak irabazi batekin bukatu beharko luke urtea, 1,9 milioi euroko despendioak aurreikusten baititu, 2,1 milioi euroko diru sartzearendako.
Ateratzeen aldetik, inbestimendu nagusiak aurtengo proiektu berrien finantzatzeko izanen dira, hots txerri merkatu berria eta errebotearen gibeleko azpiegitura berria. Horrez gain, Baxe Nafarroako museoa errezibitzeko gauzatzen dituen obren ordaintzeko, herriko etxeak Bideak Guneari mailegu bat eginen dako, momentukotz 200 000 eurotan finkatua dena.
Azkenean eta zenbakietatik kanpo, kontseiluak Donapaleuko biztanle batekin duen gatazka aipagai izan da. Herriko etxeak orain huts den eskola zaharra Donapaleuko “Santé Service” eta “Adin Ederra” elkarteer saldu nahi die, baina auzo bati desadostasuna sortzen dako proiektu horrek.