Baigorri (Baxe Nafarroa)

"Erramun Martikorena kantatuz": Baigorrin ospatu emanaldi hunkigarria

Baigorriko elizan bildurik, ehunka lagunek parte hartu dute Erramun Martikorenaren ohoretan antolatu kantaldi hunkigarrian. Euskal Herriko kantari ezagunak entzun dira Irulegiko Irratiak antolatutako ekimenean.

"Erramun Martikorena kantatuz": Baigorrin ospatu emanaldi hunkigarria
Erramun Martikorena kantatuz Baigorrin 2025eko ekainaren 1ean. EKE
Irulegiko Irratia
2025/06/02 08:00

Joan den ekainaren 1ean, Baigorriko elizan "Erramun Martikorena kantatuz" izeneko kantaldia egin da, Irulegiko Irratiak antolaturik, herriko artzain eta kantari den Erramun Martikorena ohoratzeko. Eta egia erran, sekulako arrakasta ukan du ekitaldiak: eliza zanpez beterik zen. Kantari guziak kartsuki ari izan dira Erramun ahal bezain ederki omendu nahiz eta baigorriar Otsobiko abeslari ospetsua biziki hunkia zen.

30 bat kantari eta taldek hartu zuten parte arratsalde horretan. Haien artean ziren, besteak beste: Aire ahizpak, Anje Duhalde, Asteazkenekoak, Aurélie Etchepare, Caroline Phillips, Gaelle Larroude, Guy Saldubehere, Iñaki Dieguez, Jean-Mixel Bedaxagar, Jojo Bordagarai, Kantiruki, Kattalin Indaburu, Laka eta Intxauzpe, Magali Zubillaga, Mattin Lerissa, Menditarrak, Mikel Markez, Mixel Ducau, Niko Etxart, Pantxoa eta Peio, Solange Añorga eta Thierry Biscary.

Bistan dena, Erramun Martikorena bera ere parte hartzaile izan da, eta jendeak hunkiturik entzun ditu bere botza eta bere kantuak besteen ahotik. Erramunek 1987an plazaratu zuen lehen diskoa, Baigorriko artzain laboraria, eta ordutik, bide ederra egin du, bere botzaren eta kantuen bidez Euskal Herriko kantugintzan lekua finkatuz.

Kantaldia bukatu ondoan, entzule anitzen ahotik entzun ahal izan da: “Erramunek gure herriko kantuari anitz ekarri dio, eta merezi zuen omenaldi eder hau”. Omenaldi xume eta eder bat izan da, bihotzetik kantatua eta bihotzak hunkitu dituena. Irulegiko Irratiarentzat memento gogoangarri bat.



Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu