Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Euskal produktuer dedikatutako Donapaleuko denda ideki berri da

Hamabi urte Pagola dendan iragan ondotik, Amélie Drouet Mirailh langile ohia jabea bilakatu berri da. Saltegia erosi eta gero, Incroyables Territoires konkurtsoan parte hartu du. Irabazi duen bigarren sariari esker, Gure Bazterrak denda ideki du.

Euskal produktuer dedikatutako Donapaleuko denda ideki berri da
Orain arte langilea zen Amélie Drouet Mirailhek Gure Bazterrak saltegia ideki berri du, Incroyables Territoires konkurtsoan parte hartu ondotik. INCROYABLES TERRITOIRES
Xarlot Etxeberri
2025/07/22 09:59

Hamabi urte Donapaleuko Pagola dendan iragan ondotik, Amélie Drouet Mirailh langile ohia jabea bilakatu berri da. Saltegia erosi eta, Donapaleuko herriko etxeak antolatu duen Incroyables Territoires konkurtsoan parte hartu du. Asteburu batez, zortzi proiektu-eramaile elkartu dira Donapaleuko merkatu estalian haien proiektuaren lantzeko. Aditu eta aholkuari pila bati esker, parte-hartzaileak merkataritza munduan sartu dira, arloaren errealitateari aurre egiten ikasteko.

Asteburuaren bukaeran, tokiko enpresek eta egiturek haien sariak eskaini dizkiete epaimahaia eta publikoak hautatu dituzten irabazleer. Egingarritasuna, berritasuna, eta beharra kontutan hartuak izan dira sartiztatzean. Izan ere, lehen saria, bigarren eskuko denda berri bati eskainia izan zako. Haatik hirugarrena Platanes ostatuko jabe berriek berreskuratu dute, Donapaleuko ostatu famatua berpizteko. Bigarren saria eta publikoaren sariek ber proiektua sariztatu dute, Donapaleuko denda entzutetsuenetako bati bigarren bizitzaren emaiteko.

Amélie Drouet Mirailh amikuztarrak hamabi urte Pagola dendan lan egin zuen. Duela gutti, jakin zuelarik denda hetsiko zela, ideia jin zitzaion buruari berriz hartzea eta hainbeste maite zuen saltegi famatu horren berpiztea. Amikuztar eta bezero ohiak ere joan ziren beregana, dendaren beharra azpimarratuz. Izan ere, berrogei urtez saltegi hau zutabea zen Euskal kultura eta merkataritzarendako Amikuzen. Euskal liburuak, jantziak, edota diskoak salduz, erreferentzia bilakatu zen Euskal Herriko produktuak maite zituztenendako.

Norabide hori segituz Pagola denda erosi du jabe berriak, Gure Bazterrak dendaren sortzeko. Izena aldatzea erabaki baldin badu ere, bere ardatza segituko du. Euskal Herriko produktuak eta nortasuna agerian ezarri nahi du amikuztarrak.Uztailaren 18an ideki ditu ateak, eta jadanik sare sozialetan atxemaiten ahal duzue saltegia, Gure Bazterrak izenean, aktualitatearen jarraitzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu