Baigorri (Baxe Nafarroa)

“Herriak bizi behar du”: Baigorrin borrokan eroritakoen omenezko margolana estreinatu dute

Baigorriko Lagundu elkarteak Xabxab artista urruñarraren margolana aurkeztu du, euskal militanteen memoria bizirik atxikitzeko. Ekimenak Iparretarrak taldeko sei militante omendu eta oroimen kolektiboa aldarrikatu du.

“Herriak bizi behar du”: Baigorrin borrokan eroritakoen omenezko margolana estreinatu dute
Iparretarrak (IK) taldeko sei militante irudikatzen dituen margolana, Baigorriko herri sargian. IRULEGIKO IRRATIA
Mattin Lerissa
2025/04/28 12:10

Apirilaren 26an, Baigorriko Lagundu elkarteak margolan bat aurkeztu du Leizparzen, herriko murru batean, Xabxab artista urruñarraren eskutik. Euskal Herriaren alde borrokan bizia galdu duten militanteen memoria bizirik atxikitzea eta belaunaldi berriei oroimen hori helaraztea da helburua.

Artelan horretan, Iparretarrak (IK) erakundeko sei militante irudikatuak dira: Txomin Olhagaray, Ramuntxo Arruiz, Didier Lafitte, Maddi Hegi, Christophe Isteque eta Jean Louis Larre “Popo”. Estreinan egin mintzaldian Filipe Bidartek azpimarratu du margolana ez dela soilik IK-ko kideei eskainitakoa: «Euskal Herriarentzat erori diren militante guzieri egin nahi izan diegu omenaldia». Margolana herri sargian hautematen da Leizparzen auzoan, eta garaiko lelo bat darama: "Herriak bizi behar du", sustatzaileen erranetan gaur egun ere zentzua eta indarra duen aldarria.

Ekitaldiak bi data uztartu zituen. Alde batetik, Gernikako bonbardaketaren urtemuga ospatzen zen apirilaren 26an; bestetik, Nafarroaren Egunaren bezperan izan zen margolanaren aurkezpena. Lotura sinboliko horien bidez, ekimenak Euskal Herriko historiako garai mingarriak ekarri zituen gogora, eta faxismoaren gorakadaren aitzinean oroimenaren garrantzia azpimarratu zuen. Bidarten erranetan belaunaldi berriek ez dute borroka horien berri, eta horregatik beharrezkoa da memoria transmititzea, halako ekimenak antolatzea: «Ez da hain aspaldiko historia, ondorioak gaur arte heltzen dira».

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu