Armendaritze (Baxe Nafarroa)

«Xebastian mintza hadi» ikuskizuna Armendaritzen agorrilaren 14an eta 17an

Armendaritzeko plaza antzerki toki bilakatuko da agorrilaren 14an eta 17an. «Xebastian mintza hadi» ikuskizunarekin, duela 35 urte Xebastian Ihidoy Ezteretzubiarrak Armendaritzen antzerkia abiarazi zuenari omenaldia eginen zaio.

«Xebastian mintza hadi» ikuskizuna Armendaritzen agorrilaren 14an eta 17an
Armendariztarrak herriko plazan «Xebastian mintza hadi» ikuskizuna errepikatzen. DANTZARINAK
Irulegiko Irratia
2025/08/14 09:15

150 herritar baino gehiagok parte hartuko dute antzezlan huntan, zoinetan antzerkia, dantza eta musika uztartzen diren. Josiane Elissalde, Dantzarinak elkarteko presidenteak, azaldu duenez, Xebastian Ihidoyk 1989an antzerki bat egitea proposatu zuenean jendeak "ez zuen sinesten eta trufatu zen". Hala ere, urtez urte antzezten segitu da eta gaur egun, herrian ezinbesteko tradizioa bihurtu da.

Elissaldek kondatzen duenez, hastapenean, antzerkia egiteko biltzen ziren hamar bat lagun ez zirenak elgarrekin untsa akomatzen, baina antzerkiak elkartzeko eta liskar batzuk biguntzeko balio zuen. Geroago, Xebastian Ihidoyren heriotza tragikoa gertatu zen 1994an eta antzerkiarekin segitzea erabaki zuten herritarrek.

35 urte geroago, «Xebastian mintza hadi» ikuskizunaren antzerki partea David Ondarts gazteari egokitu zaio sortzea. Hura Armendaritzekoa da eta antzerkian parte hartu izan du urte luzez. David Ondarts Xebastian ezagutu zutenekin eta haren familiakoekin egon da elkarrizketa eta ikerketaren bidez, antzerkia errealitatearen alde izan dadin ikuskizunean.

Kantuak Jean-Michel Etcheverry, Sophie Larrandaburu, Aguxtin Alkhat eta Pantzo Hirigaraik idatzi dituzte. Azken hau herriko antzerki taldean parte hartzaile handia izan da eta omenaldian bere presentzia agerian eman nahi izan dute.

Informazio praktikoak:

  • Prezioa: 15 euro (urririk 12 urtez petikoentzat).

  • Data: Agorrilaren 14an (19:30) eta 17an (16:30) Armendaritzeko plazan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu