Charlie Chaplin Baigorrirat jin zen hiru aldiz, Harry Abadia Ürrüstoiren adiskide handia baitzen. Zinemagile orain ezezaguna ez ahanzteko, Ximun Larre kazetari eta idazleak haren biografia idatzi du “Harry d’Abbadie d’Arrast, une comète à Hollywood”.
Kazetari eta idazle den Ximun Larrek liburu berria plazaratu du: “Harry d’Abbadie d’Arrast, une comète à Hollywood”. Ehun orrialde inguruko obra honetan, Baigorrin lurperatua den Harry Abadia Ürrüstoiren bizi bide arraro bezain bihurria kondatzen du.
Harry d’Abbadie d’Arrast, Baigorriko Etxauzeko jauregiko familia ospetsu batekoa, XX. mendearen lehen erdian aritu zen Hollywooden zuzendari eta gidoilari gisa. Charlie Chaplin bezalako izar handiekin harreman hurbilak ukan zituen, eta horren lekuko dira Baigorrin eginiko bisitak. Harryk, Chaplin bera Baigorrira, Etxauzeko jauregira, hainbat aldiz gonbidatu baitzuen.
Filmagintzan talendu berezia erakutsi zuen Harryk. Haren obrek edertasun eta berezitasun handia zutela zioten orduko adituek, baina bere nortasun korapilatsuak kalte egin zion ibilbide profesionalari, hango eragileekin adixkidetu bezain fite samurtzen baitzen. Hollywooden gorenera heldu ondoren, Paristik Ameriketara, eta handik Euskal Herrira eginiko ibilbidea kometa baten distirarekin alderatzen du Larrek, metafora gisa.
Liburuan, Harryk baigorriarrekin zituen harreman bitxiak ere aipatzen dira, eta ez da ahantzi behar 1968an hilerrian ehortzia izan zela, usaiaz kanpoko maneran, horren lekuko den argazki bat barne.
Ximun Larrek biografia hau idatzi du, iraganeko pertsonaia ezezagun baina garrantzitsu bati merezitako lekua eskaintzeko. Baigorriar anitzentzat ezezaguna den gizon bitxi baina interesgarri hau orain berriz ezagutzeko aukera paregabea da liburua.
“Harry d’Abbadie d’Arrast, une comète à Hollywood” liburua Baigorriko plazako saltegian edo Spar Oronos magasinean aurki daiteke.