Akitania Berria, Nafarroa eta Euskadiko presidenteak, AHT-aren alde bat eginik

Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeko ordezkari politikoek urteko lehen bilkura orokorra egin dute Donibane Garazin. Abiadura handiko korridore atlantikoa babesteko, eta Frantziako Gobernuari hartutako konpromisoak bete ditzan galdegiteko baliatu dute hitzordua Alain Rousset, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite presidenteek. Izan ere, Frantziako Azpiegituren Orientabiderako Kontseiluak (COI) Bordele-Akize arteko abiadura handiko lotura 2042 urtera gibelatzea pentsatzen du, Hendaiako nahiz Euskal Y-ren lotura dilindan emanez. Horrek hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzan, eta Urkulluk Frantziako Gobernuaren gaineko presioa azkartzen hasi da, lehenik Macroni igorri gutun baten bidez, eta bigarrenik, ardatz atlantikoko ordezkari politiko nagusiak berekin lerrokatuz. Horrez gain, Euroeskualdea zeharkatzen duten azpiegitura elektrikoak hobetzeko eta hidrogeno korridorearen egitasmoa bultzatzeko beharra aipatu dute.