Herria astekariak adin ederra du. 2024ko urrian bete zituen 80 urteak. Lehen alea 1944an agertu zen Eskualduna astekariaren ondorengo gisa. Hurbileko hedabidea, berrogei laguntzailerekin argitaratzen da ostegun oroz. Astero 30 herriren berriak emanez eta tokiko euskalkiak baliatuz. Gaur egun 1.600 harpidedunekin, beste erronka batzuk ditu, hala nola, sare sozialetan eta sarean oro har bere lekua egitea. Azken aldian, Bada gazte hedabidearekin elkarlanean ari da bere irakurlegoa gaztetzeko xedez. Gaur egun bi langile ditu. Menane Oxandabaratzen lekukoa hartu berri du Ainhoa Etxenike gazteak, aldizkariko erredaktore buru gisa.