Batera birsortu dute, Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea erdiesteko xedez

Batera plataformak, urteetako geldialdiaren ondotik, bere jarduera berrabiarazi du, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala berriz agenda politikoan ezartzeko xedez. Ezpeletan egindako biltzar nagusian, “etapa instituzional berri” baten aldeko engaiamendua hartu dute, eta estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko mobilizazio fase berri bat hasiko dutela jakinarazi dute. Lehentasunezko zeregina: instituzio eredu bateratua adostea eta, ondoren, Frantziako Estatuko agintariekin negoziazioak abiatzea. Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren eskumenak uztartuko dituen egitura bat proposatu nahi du, eta Lyongo metropolia edota Korsikako eredua inspirazio iturri gisa aipatu dira. Datorren hilabeteetan, informazio kanpainak eginen dituzte eta eragileekin bilkurak antolatuko dituzte. Urrian gogoeta egun bat iragarri dute, eta begirada 2026ko herriko hauteskundeetan dute jarrita: aldaketa instituzionalaren aldeko gehiengoa lortzea dute helburu.