Herri Urrats arrakastatsuaren ondotik, mobilizaziora joko du Seaskak

Euskaltzaleak Senperen bildu ziren atzo, Herri Urrats ospatzeko. Aroak lagundu zuen, eta milaka lagunek parte hartu zuten Lapurdiko aintzira inguruan antolatutako ekintzetan. Koldo Rodriguez koordinatzailearen arabera, jendeak egitarau osoaz gozatu zuen, aroaren iragarpen kaskarrek jende kopuruan eragina izan arren. Belaunaldi guztientzat egindako festa izan zen. Aurtengo berritasun nagusietako bat tokiko gunea izan zen, tokiko ekoizleen jakiak eta izozkiak eskainiz. Proposamena untsa hartu dutela azpimarratu dute antolatzaileek, eta geroan mantentzeko asmoa agertu dute. Jendetza zertxobait txikiagoa izan zela iruditu zaien arren, oraindik datu zehatzik ez dute. Hori bai, aurtengoan nabarmen handiagoa izan da Txik Txak autobus zerbitzuaren baliapena. Aldarrikapenei dagokienez, Seaskak baliabide gehiago eta errespetua galdegin dio Frantziako Hezkuntza Ministerioari. 2022tik berritu gabe dagoen hitzarmenaren egoera dela eta, maiatzaren 23an Baionan mobilizazio handia antolatzeko deia egin dute. Seaskak uste du heldu den ikasturtea ziurgabetasunez betea izanen dela, eta irakasle postuak, formakuntza beharrak eta defizit ekonomikoa direla premiazko gaiak.