Berrehun bat lagun bildu ziren atzo eguerdian CGT, LAB eta FSU sindikatuek antolatu funtzio publikoaren grebaren karietara. Manifestazioa iragan zen Baionako ospitaletik Euskal Elkargoko egoitzaraino. Hor ziren ospitaleko langile, irakasle, etxez etxeko langile, hezitzaile edota ATSEM langileak. Lan baldintza gero eta okerragoak salatu dituzte. Frantziako Gobernuak aurrekontu lerroetara murrizten dituela gaitzetsi dute ere, tokian tokiko errealitateak ez kontuan hartuz eta onura soziala mespretxatuz. Marie Pierre Etxebarne Ospitaleko CGTko ordezkariak adierazi duenez, «lan baldintzen makurtzea agerikoa da; arta beharretan diren hamabost pertsona eri bere gain hartu behar dituelarik langile batek, ez du denborarik haiekilan mintzatzeko ere». Pribatizazioak prekarizazioa bortxaz ekartzen duela diote sindikatuek, eta publikoan kontsiderazio eza nagusitzen ari dela gaitzetsi dute. Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza nagusiraino joan da ospitaletik abiatu den manifestazioa. UNSA sindikatuak ere, bere aldetik, beste elkarretaratze bat antolatu du ospitalean, ber egunean, baina berantago.
Lan-baldintza hobeak galdegin dituzte alor publikoko langileek
Ikustaldiak: 271