Hamar egun pantailak itzali eta gogoak pizteko

Hamar egunez pantailak itzaltzeko desafioa abiatu da. Maiatzaren 22a arte ’10 egun pantailarik gabe’ erronka gainditzen saiatuko dira ipar euskal herriko 2.445 haur. Aurten 25 ikastetxek segitu dute mugimendua. Astearte honetan hasi da erronka, 10 egunez telebistarik, tabletarik edo bideo jokorik gabe bizitzen ikasiko dute haurrek. Bidarteko Uhabia ikastolan 10 eta 11 urte arteko haurrek serioski hartzen dute desafioa, baina ez da beti erresa. "Pantailak asko begiratzen ditut, joko bideotan ari naiz eta Youtube begiratzen dut" erran digu Uhainak. Desafioaren garaian, pantailen ordez marraztu, irakurri edo familian mementoak pasatzeko aukera dela erran digu ere. Ikastolatik abiatzen da xedea baina etxean gurasoek ere badute zeregina pantailen kudeaketan. Kattalin Duhalde Uhabia ikastolako zuzendariak erran digu desafio handiena etxean dutela haurrek. Erronka segitzeko, haur bakoitzak liburuxka batean zehazki idatzi behar du zenbat kontsumitzen dituen pantailak egunez egun. 10 egun pantailarik gabe mugimendua sustatzen duen elkarte bat sortu zen Ipar Euskal Herrian, horren kudeatzailea da Eneko Jorajuria. Pantailen eragin ezkorra gaur egun frogatua dela erran digu "Zientifikoki erakutsia da. Eragina badu osagarrian, sedentario izatea, aktibitate fisiko gutiago, loa ere kaltetua da, ikusmena, eta beraz badugu zerbait egiteko gizarte mailan". Desafioaren ondotik, haurren eta gurasoen usaiak aldatzea espero da.