Marieniako lurra zaintzeko zina egin dute Kanbon

Kanboko Marieniako lurren defenditzeko landatze egunak arrakasta erdietsi zuen larunbatean. Bostehun pertsona bildu ziren lur hauetan, makila eskuan. Makila horiek «irabazia izanen den bataila baten berme» gisa izendatu zituzten hitzartzean. Lur sagarrak, piper eztia eta kuiak landatu zituzten hektarea bat eta erdiko lur batean. Ondotik auzolanari esker zainduko dituzte barazki hauek. Sinbolo azkarretik haratago, laborantzako lurrak defendatzen dituzten militanteek erakutsi nahi izan dute Marieniak hazkurri lurrak direla. Auzitegian, Euskal Hirigune Elkargoko abokatuak erran zuen ez bezala. Marieniako lurrez gain, beste borrokak batu dira larunbateko egunera. Baztango Aroztegia proiektuaren kontrako kideak hor ziren baita Biarnon E-CHO deskarbonizazio xedearen kontrako CADE elkartekoak ere. Bouygues Immobilier promotorearen proiektua salatzeagatik hiru militanteren kontrako auzia oroitarazi dute, irailaren 9an, Kanboko kontseiluan egindako protesta baten harira. Bestalde joan den astean, 2022an Bouyguesen maketa bat lurrez estaltzeagatik zorrozkiago kondenatu diren militanteen sostenguz kutxa bat ireki du Ostia sareak.