Aroztegiko zazpi auzipetu baztandarren kontrako auzia abiatu da

Atzo hasi da zazpi baztandarren kontrako epaiketa, Aroztegiko lanak geldiaraztea egotzita. Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete orotara. Auzipetuei elkartasuna adierazteko hainbat elkarretaratze eta protesta-ekintza antolatu ditu Aroztegiko Elkartasun Komiteak epaiketa egunetarako. 200 luxuzko etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zuen promotore batek Lekarozko herrian, Baztanen. Obrak geldiarazteko kanpaldi jendetsua egin zuten bertan hamarnaka baztandarrek, eta horietarik zazpi eraman dituzte epailearen aitzinerat. 20 urteko presondegi zigorra eta 56.000 euroko isunez gain, milioika euroko kalte ordainak galdegiten dizkiete. 2021eko apirilean iragan zen hirigintza proiektu hori geldiarazteko protesta ekimena, desobedientzia zibilaren bitartez. Elkartasun komitetik ekimenak antolatu dituzte egunero Nafarroako auzitegiaren aitzinean, mintzaldi, elkarretaratze eta mahai inguruekin.