Ursuya klinikako 60 langileak, zuzendaritzarengatik «bazter utzirik»

Ostiral eguerdi horretan bildu ziren zuzendaritzarengandik abandonatuak izan direla salatzeko. Apirilaren 30etik ez da gehiago eririk egoitzan, baina lanera etortzen dira beti langileak haien kontratuak segitzen baitu. Belage taldearen esku da klinika, eta Eskualdeko Osasun agentziak lanean hartzeko baimenak ezeztatu zizkion eta ateak hetsi zituen. Langileak zuzendaritzaren «kanporaketa» manuaren zain dira, eta kalte-ordainak espero dituzte. Langileek beren haserrea eta nekea adierazi dute. Hauetan da Intza, klinikako dietalaria da. Azken aste hauetan egunak nola iragaten dituzten erran digu: «Goaitatzen dugu, heldu gira gure orenetan eta eguna pasatzen dugu, batzuek kirolean, besteak kartetan, telebista begiratzen». Mementoko kontratupean dira 60 langileak beraz lanera etortzea behartuak dira pagatuak izateko. Dimisioa ematen badute ez lukete konpentsaziorik eskuratuko. Zuzendaritzaren "estrategia" bat dela uste du Intzak, baina berak argi du «bururaino egonen naiz, behar duena pagatuko du». Kanboko herriko etxeko kontseiluko hainbat hautetsi hurbildu dira ostiral horretan langileen sostenguz.