Jean-Marc Huart Akitania Berriko errektorea Ipar Euskal Herrian zen astelehen honetan, euskararen irakaskuntzaren berri hartzeko sail publikoan eta Seaskan. Jakina da irakaskuntza elebidunak odol hustea pairatzen duela ikasleak kolegiorat joaiten direnean. Hizkuntzari lotuak EZ diren kolegioko ikasgaiak garatzerat saiatuko direla erran du ikasle gehiagok segi dezaten irakaskuntza elebidun bigarren mailatik goiti ere. Seaskak salatu zuen irakasle postu eskasia heldu den sartzerako. 2017tik 71 postu gehiago ezarriak izan direla erran dauku Jean-Marc Huartek eta aurten ere abantzu lau postu gehiago. Sail publikoari dagokionez, ikasleen %40 baino gehiagok ibilbide elebiduna segitzen du. Gero %22k bakarrik kolegioan eta %10k lizeoan. Odol huste horren arazoari buru egiteko zer egiteko prest den galdeginik, Jean-Marc Huart errektorea horrela mintzatu da: «Piramide antolaketa hori zilindriko bilakatunahi nuke. Kolegioan zentratu, eta hizkuntzari lotuak ez diren ikasgaiak garatu nahi nituzke. Eragile guziekin antolatu bi bisita hauen bidez, gaia hobeki eneganatzea zen helburua, eta norabide bat plantan ezarri ikasle gehiagok sail elebidunean segi dezaten». Euskararen Erakunde Publikoko aintzinkontuari buruz, jakina da Frantziako estatua eta departamenduaren diru ekarpena ez dela emendatu azken urteetan. Gogoeta baikorrak aitzina segitzen duela norabide baten markatzeko dio.
Azterketak euskaraz egin ahal izateko «urratsak» hitzeman ditu Errektoreak
Ikustaldiak: 298