Duplomb legea «eztabaidarik gabe» onartarazi nahi du gobernuak

Ingurumena babesteko arauak arindu, laborarien kexua apaltzeko. Eztabaida piztu du Duplomb diputatuaren lege proposamenak, baita arrangura ere talde ekologisten artean. Izan ere, 2018tik debekatua den acetamiprid intsektizidaren baliapena legeztatzea edota ur biltegi handiak baimentzea aitzinikusten du legeak. FNSEA eta Coordination Rurale sindikatuak haren alde mobilizatu dira astelehenean. Parean aldiz, Confederation Payssane eta kolektibo ekologistek lege proposamen horren kalte larriez ohartarazi dute. Alde batetik, lege horrek agro industriaren interesen alde egiten duela salatu dute, laborari ttikien geroa dudan emanez. Izan ere, lege horrek ur biltegi handien eraikuntza baimendu nahi du. Legea kritikatu dutenen arabera, horrek erran nahi du, laborantza enpresa handiek ur baliabideak monopolizatzen ahalko dituztela.Talde ekologistek ere biodibertsitatean eta gizakion osagarrian eraginen duen kaltea nabarmendu dute. Duplomb neonikotinoideen familiako acetamiprid intsektizida legeztatu nahi du. Produktu hori 2018az geroztik debekatuta dago, intsektu polinizatzaileentzat, adibidez erleentzat, kaltegarria baita, eta ur akuiferoak kutsatu ditzakeelako. Gobernuak lege horren eztabaida saihestu nahi zuen legebiltzarrean, eta ondorioz, legea bertan behera uzteko helegitea aurkeztu du, geroan batzorde misto parekidean onarrarazi ahal izaiteko. Egiteko manera horren kontra mintzatu da Peio Dufau EH Bai alderdiko legebiltzarkidea:

Frantzia Intsumituko eta Berdeen alderdiko diputatuek 3.500 emendakin inguru aurkeztu zituzten lege proposamen horren kontra. Horrek legearen onarpena blokatu zezakeen Asanblada Nazionalean. Horregatik, Duplomb legea batzorde misto parekidean onartzeko bidea lehenetsi du gobernuak. Asteazkenera bitarte, departamendu orotan ekintza sinbolikoak eginen zituztela ohartarazi zuen Arnaud Rousseau agro industriako AVRIL multinazionaleko buru eta FNSEAko presidenteak, baina, ororen buru, bertan behera utzi dituzte mobilizazioak.