Itsasuko herriko etxeak etxebizitza sozial batzuk ezarri ditu salgai, BRS alokairu erreal solidarioaren bidez. Herritarrek Itsasun berean etxe edo apartamentua erosteko parada izatea da helburua, merkatu libreak onartzen dituen kopuruak baino prezio apalago batean. Nicole Etxamendi Itsasuko axuantak dioenez: «Alokairu erreal sozialaren menpe diren etxebizitzak ez merkeak izanik ere, gaur egungo prezioei konparatuz eskuragarriago den zerbait eskaini nahi diegu Itsasuarrei». T2, T3 edo T4ak ezarri ditu salgai Itsasuko herriko etxeak, Attania eremuan. Etxebizitza sozialak dira, diru sartze mugatu bat duten pertsonei zuzenduak, gaur egun ez baita apartamenturik alokatzeko Itsasun, eta erosteko prezioak ez baitira 500.000 euro baino apalagoak. Baldintza batzuk bete behar dira, horietan garrantzitsuena, diru sarrera muga bat ez gainditzea. Eraikuntza fasea laster hasiko dute eta etxebizitzak 2026ko maiatzerako prest izatea espero dute. Eta ondotik beste proiektu bat ere badu Itsasuko herriko etxeak COL egiturarekin etxe ttipi batzuk eraikitzeko, laster aterako da eskaintza.
Alokairu sozialeko etxebizitza sozialak eraikiko dituzte Itsasun
Ikustaldiak: 352