Orotara bederatzi lekukotasun helarazi dizkiote Baionako prokuradoreari. Denak 1960 eta 2000 urte artean iragandako bortizkeria kasuka dira, fisikok eta sexualak, eskolaren testuinguruan. Asteazken goiz honetan auzitegira hurbildu direnen artean Gilles Parent. Uztaritzeko San Frantses Xabier ikastetxeko ikasle ohia, berak bultzatu zuen hitzaren askatzea sare sozialetan biktimen talde bat sortuz. Joan den martxoan, ikastetxeetako indarkeriari buruzko ikerketa parlamentarioaren batzordean hitza hartu zuen. Aldi honetan eskola publikoan gertatutakoak ere azaleratu dira. Bea Ardoin Izpurako eskola publikoko ikasle ohia izan zen. Berak eta bere hurbilekoak bizi izan zutena aipatu zuen Euskal Irratietako antenan, baina anonimoki. Geroztik beste lekukotasunak bildu eta publikoki mintzatzea erabaki du. Orotara bederatzi salaketa pausatuak izan dira asteazken honetan, erran bezala bost Izpurako eskola publikoan gertatutakoentzat, Uztaritzeko San frantses Xabier ikastegitik bi, bat Domintxaineko eskolatik eta bat Angeluko Jean Jaurès eskola publikotik. Orain arte bezala, kasu gehienak preskripzio epetik kanpo izateko arriskua bada. Baina Gilles Parent-en erranetan "Helburua da neurria hartuak izatea ez dadin gehiago gertatu, eta biktima estatutua errekonozitua izatea. Jende askok eskatzen dizkit aterabideak psikologo bat ikusteko baina ez dute ahal ekonomikoa." Biktima estatutuari esker osasun artak urririk eskuratzea espero dute. Biktimen kolektiboak hautetsien partetik erreakzio eza salatzen du, haiengandik sustengu hitzak espero dituzte.
Bost salaketa Izpurako eskola publikoan gertatu bortizkeria kasuen harira
Ikustaldiak: 353