Iparraldean ikasteko eskubidea aldarrikatu du Xuti Gaztek

“Goi mailako ikasketak ipar Euskal Herrian” pankartak eskuan zituztela, Parcoursup sistema salatu dute Xuti Gazte mugimenduko hainbat kidek Baionan, astelehenean, Parcoursupeko emaitzak argitaratzen ziren egun berean. Unibertsitateko patioan elkartu dira, sistema elitista dela eta ikasleek ez dutela euskaraz ikasten segitzeko parada handirik salatzeko. Gaur egun "euskalfak" deitzen dutena, euskal filologia besterik ezin daiteke ikasi euskaraz UPPAren Baionako unibertsitatean. Medikuntza, matematika edo beste edozein sail ere ipar Euskal Herrian ikasi ahal izatea eskatzen dute eta ahalaz euskaraz. Horrez gain, Parcoursup sistema bera ere salatzen du Xuti Gaztek. Sistema elitistegia dela dio, algoritmoek osatzen dutena eta ikasleak sistematikoki Paue, Bordele edo Frantziako beste unibertsitateetara bideratzen dituena. Xuti Gazteko militanteek salatzen dute ere, gaur egungo sistemarekin ikasleei ez zaiela aski informazio ematen hego Euskal Herrian ikasi ahal izateko. Sistema osatua den bezala, ikasleak automatikoki Frantziara bideratuak direla dio, EHU hego Euskal Herriko Unibertsitateak eskaini ordez. Eta EHUn sartzeko baldintzak oso konplikatuak direla ere gehitu dute militanteek, Baionako unibertsitatean egin duten elkarretaratzean.