Eñaut Etxamendi: «Euskaltzaindiak euskararen historiaz eta etimologiaz errandakoei, kontrako arrapostua eman nahi nien»

Eñaut Etxamendi eta Txomin Davant ikerlariek euskararen jatorriaz ikerketa bat burutu dute, eta haren emaitzak 'Euskararen hitzorkunaz eztabaida' izeneko liburuan bildu. Liburua Maiatz argitaletxearekin argitaratua izan da, eta berezia da, hiztegi baten gisan antolatua baita. Euskaltzaindiak euskararen historiaz eta hainbat hitzen jatorri etimologikoaz egindako lanei arrapostua eman nahi izan diete bi hizkuntzalariek, euskarak «Europako beste hizkuntzen sorreran ukan duen papera» nabarmenduz. Egileek euskarak inguruko beste hizkuntzekin —frantsesarekin, gaztelaniarekin, latinerarekin eta beste batzuekin— duen harreman estua aztertu dute. Hitz bakoitzaren jatorria xeheki aztertzen dute, nondik heldu den ulertzeko. Liburu honek ez du soilik jatorriak ematen, baizik eta eztabaida pizten du, euskararen izaera eta bere historiaz gogoetatzeko.