Xiberoako pilota munduak besta usaina hartu du berriz ere. Igande huntan abiatuko da Xiberoako XVIII. pilota txapelketa, eta aurten nehoiz baino xiberotar pilotari gehiagok parte hartuko dute: 64 jokalarietatik, 43 xiberotarrak dira. Lehen heinean ere, hau da, mailarik altuenean, pilotarien erdia etxekoa da. Xabi Elgart antolatzailearen arabera, honek erakusten du «Xiberoan pilota maila gora doala urtez urte, eta belaunaldi berriek gero eta parte hartze handiagoa dutela». Txapelketa zabala izanen da aurtengoa, eta aurreko urteetako egitura atxiki du: Xiberoako hamaika herrietako pilota plazetan jokatuko dira partidak, asteburu oroz, hemendik goiti irailaren 21a arte. Salbuespen bakarrak uztaileko lehen bi asteburuak izanen dira, non atsedenaldi bat eginen den. Lehen hitzordua, igande huntan izanen da, Maule gaineko frontoi berrian. Goizeko 10:00etatik goiti jokatuko dira lehen partidak: lehenik hirugarren mailako pilotariek hartuko dute plaza, eta ondotik bigarrenekoek. Aurten ere esku huskako pilota izanen da nagusi, eta publikoari kalitate handiko partidak eskaintzea xede. Azpimarratzekoa da herriz herriko antolakuntza lana, pilotazaleen artean sarea trinkotzen laguntzen duena. Herri bakoitzak bere eguna izanen du, eta herritarrak protagonista bihurtuko dira, bai antolakuntzan baita girotzean ere. Txapelketa hunen helburu nagusietarik bat da tokiko pilotarien sustapena eta etxeko pilotari gazteei maila altuko esperientzia bat eskaintzea. Antolatzaileek azpimarratu dute pozik direla gero eta xiberotar gehiago lehen bi mailetan ikusteaz. XVIII. edizio horrek pilotaren bizitasuna erakusten du Xiberoan, eta orain herritarrei dagokie pilota plazak alaitzea eta pilotarien lana txalotzea.
Nehoiz baino xiberotar pilotari gehiago, Xiberoako txapelketan
Ikustaldiak: 332