Aeronautika alorrean ari den Lauak enpresak jakinarazi du bere kapitalaren %51 Indiako Wipro multinazionalari saldu diola. Ekainaren 12an langileei eginiko agerraldi batean eman dute berri hau, Hazparnen sortua izan zen enpresa 1995ean Jean-Marc Charrittonen eskutik. Salmenta hau Lauak taldearen etorkizuneko segurtasuna eta garapena bermatzeko egin dutela argitu dute zuzendaritzatik. Gutun baten bidez, Mikel Charritton gaur egungo zuzendariak adierazi du orain arteko familia-jabetzak eta enpresaren zorpetzeak ez zutela uzten teknologia berrietan edo kanpoko garapenetan behar diren inbertsioak egiten. Horregatik hautatu dute nazioarteko bazkide sendo baten sarraraztea. Wipro, Hego Indian egoitza duen teknologia konpainia handi bat da, eta orain Lauak taldeko akziodun nagusia bilakatuko da. Hala ere, Mikel Charrittonek bere karguan segituko du eta enpresaren gidaritza bermatua izanen dela erran du. Langileei bidalitako gutunean, zuzendaritzak azpimarratu du salmenta honek ez duela eraginik izanen lanpostuetan ez eta langileen baldintzetan ere. Hitzarmen kolektiboa eta eguneroko lan baldintzak berdin segituko dute. Salmenta honen iragarpena Le Bourget-eko Aeronautikako eta Espazioko Azoka Nazioartekoaren aitzin egin da, ekainaren 16an irekiko dena. Horren karietara, komunikazio ofiziala aurkeztuko dute odnoko egunetan. “Badakit etapa bat bururatzen ari dela, eta beste bat irekitzen. Baina gure helburua bera da: Lauak indartzea eta mundu mailako lehian segitzea”, azaldu du Mikel Charrittonek.
Hazparneko Lauak aeronautika enpresa, Wipro indiar multinazionalaren esku
Ikustaldiak: 51