Mixel Itzaina idazle eta «bertsularien laguna» zendu da

Ostegunean zendu da Mixel Itzaina, euskal kulturaren eta bertsolaritzaren sustatzaile nekaezina, 92 urte zituela. Publikoki bertsotan gutxitan aritu bazen ere, bizitza osoa eman zuen bertsolaritzaren alde lanean, Ipar Euskal Herrian. Gai jartzaile eta epaile gisa nabarmendu zen, eta Herria zein Gure Herria aldizkarietan ere idatzi zuen. 1966an Ezpeletan antolatu ziren Pertsulari solas izeneko topaketetan parte hartu zuen, eta 1980an, bertsolaritzaren gainbehera ikusita, Bertsularien Lagunak elkartea sortu zuen Ernest Alkhatekin batera. Jean Louis Hariñordoki ‘Laka’-ren hitzetan, “errespetu handiko eta laguntzaile isila” zen. Gainera, bertsolaritzaren eta hezkuntzaren arteko zubiak eraiki zituen, eta Hegoaldeko bertsolariak Iparraldera ekartzen lehenetarikoa izan zen. Epaile lanetan ere jardun zuen urte luzez Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan. Beñat Soule eta Panpi Etxegoinekin batera aritu zen maiz, laguntasun estuan. Itzaina idazle ere izan zen: Xalbador eta Mixel Labeguerieren biografiak argitaratu zituen, eta itzultzaile lanak ere egin zituen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967an, eta ohorezko euskaltzain 2014an. Ehorzketak astelehenean izanen dira Itsasuko elizan, 17:00etan. Bitartean, Kanboko beilatokian egin daiteke bisita.