Kolorezko agur bat Eztitxu Robles kolegioko hormetan

Joan den astean, Eztitxu Robles kolegioko hirugarreneko ikasleek ikasturte amaierari kolorez beteriko azken ukitua eman zioten: kaleko arte proiektu parte-hartzaile bat, mural baten margoketa, Udane Juaristi “Udatxo” artista azkoitiarraren eskutik. Irungo kaleetan egindako muralengatik ezaguna den artistak Baionara ekarri du bere esperientzia, eta 46 ikaslerekin elkarlanean horma-irudi bat sortu dute kolegioko pareta batean. Muralak ikasleak irudikatzen ditu, bizkarrean zakuak dituztela, eskolara sartzen edo handik ateratzen. “Etorkizunari begira dauden gazteak islatu nahi izan ditut”, azaldu du Udanek. Proiektuari ekin aurretik, ikasleek Baionako muralen ibilbide bat egin zuten, eta Street art-aren inguruko lanketa bat gauzatu zuten arte irakaslearekin. Mendi Esteban irakaslearen hitzetan, “helburua ikasleak motibatzea eta beren buruak hobeki ezagutzea izan da”. Muralak ez du soilik horma bat apaindu: belaunaldi baten aztarna bilakatu da, kolegioko paretetan luzaz biziko den oroitzapen koloretsu bat.