Hendaiako azken berdegunean 250 bizitegi eraikitzeko proiektuak eztabaida piztu du

Hendaian etxebizitza larrialdi egoera bizia da: bizitokien %27 bigarren etxebizitza dira eta 700 familia alokairu sozial baten esperoan daude. Horren erdian, Herriko Etxeak Moleres izeneko 40.000 m2-ko eremuan 250 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa jarri du mahai gainean. Oposizioko talde abertzaleak salatu du proiektu horrek azken berdegune zabala galaraziko duela, eta gogorarazi du Kotte Ezenarro auzapezak 2020ko hauteskunde kanpainan lurrak laborantzarako kalifikatzeko konpromisoa hartu zuela. Desengaiamendu eta faltsukeria leporatu dizkio gehiengoari Laetitia Navarronek, Hendaia Biltzeneko zerrenda buruak. Herriko Etxearen arabera, ordea, Moleres betidanik izan da eraikigarria. Chantal Kehrig lehen axuantaren hitzetan, proiektuan aurreikusitako etxebizitzen gehiengoa lehen bizitoki izango dira, eta gelditzen diren %40an ere, lehentasuna emanen zaie bizileku nagusiei eta etxebizitza merkeei. Aldiz, oposizioak uste du bigarren etxebizitzen eta etxebizitza turistikoen hedapenaren aurrean, ez direla neurri eraginkorrak hartzen ari. Hendaia Biltzenek Echaniz-Le Meur legea zorrotz aplikatzeko exijitzen du: lege horrek etxebizitza berrien %100 lehen bizitoki izatea agintzen du bigarren etxebizitza gehiegi dituzten herrietan, hala nola Hendaian. Gehiengoaren iritziz, ordea, legearen eragina oraindik mugatua litzateke eta ez da oraindik indarrean jarri. Laetitia Navarronek argi du: obrak oraindik hasi gabe dauden heinean, proiektua gelditzeko ahaleginak egingo dituzte, nahiz eta etsipen giroa gero eta nabarmenagoa den.