Euskotren ligako estropada guziak eta Kontxako Bandera eraman zituzten Donostiako Arraun Lagunak elkarteko emazteek iaz. Aurten ez dute txapelketaren abiatzea hutsegin Bilboko eta Sestaoko banderak eraman ondotik iragan asteburuan. Bainan bietan segundu bat baino gutiagora heldu zitzaizkien gibeletik oriotarrak. Maila eta lehia haundia izanen dela aurten iduritzen zaio Joana Halsouet donostiarren patroi berriari. Orion arraunean ari den Ainhoa Etxenikek ere uste du aurten buru eginen dietela oriotarrek eta tolosaldekoek donostiarrei.
Oriok ustekabe txarra jasan zuen ekainean Gipuzkoako txapelketa kari ez bait zuen Euskadiko txapelketarako txartela lortu ahal izan. Seigarren lekuan baizik ez zuen bukatu. Bainan desilusioak inarrosi ditu oriotarrak eta bigarren lekuan bukatu zuten justu Arraun Lagunaken gibeletik joan den larunbat eta igandean Euskotren ligaren karietara.