Bayrouk austeritatearen bidea hartzea erabaki du

Frantziako lehen ministro François Bayrouk 2026rako aurkeztu duen aurrekontu planak oihartzun handia piztu du, bai hedabideetan eta batez ere oposizioan. Estatuaren defizita %4,6raino jaisteko asmoarekin, 43,8 miliar euroko aurrezki plana iragarri du, besteak beste, bi besta egun ezabatzearen truke: Bazko astelehena eta maiatzaren 8a.

Bayrouren hitzetan, helburua argia da: “2029rako oreka berriz atxemaiteko bidea finkatu dugu”. Horretarako, gastu publikoa menperatzea eta kargen emendio “automatikoaren” kontrola ezinbestekotzat jo ditu. Bistan da, ordea, neurri hauek ez direla edonola irentsikoak: ezkerrak eta Rassemblement Nationalek zentsura mozio bat ez dute baztertzen.

Funtzio publikoko soldatak eta erretretak ukitu gabe utziko dituela adierazi duen arren, arlo bakarra salbuetsia izanen da murrizketetatik: defentsa. “Lanjer berezi batzuek mundua mehatxatzen dute aurten”, erran du Bayrouk, eta hortik dator aurrezki plana 40 miliatik 43,8 miliarrera igotzea.

Ekonomialari eta sindikatuen artean, zalantzak areagotu dira: eguneroko bizitzan murrizketek izanen duten eragina eta besta egunen kentze sinbolikoak jendartearen haserrea areagotzen ahal dute. Estatuak “lehenik berak eman behar du adibidea”, erran du Bayrouk; baina galdera da noren bizkar eginen den adibide hori.