Mobilizazio deialdia luzatu dute sindikatuek, heldu den martxoaren 23rako. Erretreten erreformaren lege proiektua indarrez pasarazi du Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak, Asanblea Nazionalean bozkatu gabe. Lehenago Emmanuel Macron presidenteak ministroen kontseilua deitu zuen, urgentziaz, 49.3aren aplikapena ahalbidetzeko. Ostegun goizean Senatuak baiezkoa eman zion erreformari, 193 aldeko eta 114 kontrakoekin. Haatik, Asanblean 38 bozka eskas zituzten. Konstituzioko 49.3 artikuluaren baliapenak haserrea piztu du ere Iparraldean. Baionan atzo intersindikalak deiturik 150 bat lagun mobilizatu dira Baionako Suprefeturaren aitzinean, eta zakar poltsak utzi dituzte egoitza sarreran. Angelun, CGT sindikatuko zamaketariak, burdinbideetako, metaleko eta energia arloko langileekin batera biribilgune bat blokeatu dute; eta horrez gain, portuko aktibitatea gelditzea erdietsi dute berrehun bat langilek. Era berean, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuetako hamarnaka kidek Hendaia eta Parise arteko tren bat otzopatu dute oren erdiz, Hendaiako geltokian. Zuzenean entzun ditugu gaur Euskal Irratietan, Argitxu Dufau (LAB), Jean-Pierre Etxeberri (CFDT) eta Peio Dufau (CGT).