Baionako portua blokeatu zuten atzo hamabost bat arrantza-ontzirekin. Haien lanibidearen geroaz arranguratuak dira arrantzaleak. 2030erako Europak itsas zoletako arrantza debekatu nahi du itsasgune babestuetan. Eta horrez gain, sei hilabeteren buruan, izurdeak babesteko xedez, Frantziako Estatuko kontseiluak arrantza debekatu nahi du Ozeano Atlantikoko gune batzuetan. Neurria «gehiegizkoa» dela deritzote arrantzaleek, izan ere, haien arabera izurde gutxi biltzen dituzte sareetan. Hainbat ekintza aitzinikusi dituzte heldu diren asteetarako.