Berrogei urte beteko ditu aurten Iparraldeko ikastolen aldeko bestak. Maiatzaren 14an Senpereko aintziran ospatuko den Herri Urratsen egitaraua aurkeztu dute atzo. Egitarau aberatsa eta publiko orori zabaldua prestatu dute behin ere, euskararen aldeko besta izateaz gain, Herri Urrats mobilizazio egun jendetsua ere izan dadin. Hirugarren urtez segidan, buruilean Seaskak Senperen idekiko duen bosgarren kolegioa diruztatzea izanen da xedea. Aurten bi kontzertu gune handi izanen dira, usaiako Nafarroako gunean, baita Arabakoan ere. Talde nagusien artean dira: Zetak, Delirium Tremens, Sutagar, Neomak, Tiktara, edota Xutik.