Ez da aisa Ipar Euskal Herri barnealdean bizitzea autorik gabe. Hori dela eta, zerbitzu publikoak garatzeko eginkizuna hartu du azken urteetan Hirigune Elkargoko mugikortasun sindikatuak. Sortu eta azkartu diren autobus ibilbide guztien artean Baiona, Donapaleu eta Atharratze artekoa nabarmendu daiteke; izan ere, urte hastapenetik %70 emendatu da zerbitzu horren baliapena. Hori dela eta, ibilbide horren eguneko ordutegiak biderkatzeko aukera aztertzen ari dira. Nolanahi ere, garraio publikoa oraino ez da behar bezainbeste garatua barnealdea, eta autoa baitazpadako izaten segitzen du familia gehienentzat. Mugikortasun sindikatuak proposamen berriak lantzen ari ditu, bereziki, adinekoen eta ikasleen garraioa hobetzeari begira. Renée Carrique Euskal Hirigune Elkargoko presidente ordea izan da astearte honetako gonbita Euskal Irratietan.