Frantziako itzuliak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Gure Eskuk, 'Euskal Herria mundura' izeneko ekimenarekin. Tourreko lehen hiru etapak osoki Euskal Herritik pasako direla baliatuz, «inoiz egin den ikurrinarik erraldoiena» zabalduko dute, eta 4.000 ikurrina banatuko dituzte. Horren bidez, Euskal Herria «zazpi lurraldeko herri bat dela eta eskubidea duela bere geroaz erabakitzeko» erakutsi nahi dute. Josu Etxaburu, Gure Eskuko bozeramailea goizberriko gomita izan da. Baionan bururatuko da Tourreko hirugarren etapa, uztailaren 3an. Horren karietara, bizikleta egun berezia antolatzen du Baionako herriko etxeak ere bai. Lurraldeko txirrindularitzako eragileak bilduko dituen herrixka ere muntatuko du Jacques Portes plazan, goizeko 10etatik goiti idekiko dena. Haurrentzat ere animazioak izanen dira.