Kintoako erreka hondarkinez libratu du Iturritik elkarteak

Zakuak eskuan eta kautxuzko botak oinetan. Tona erditik goiti hondarkin bildu dituzte igande goizean Urepelen, Lohiatzeko edo Kintoako errekatik. Iturritik elkarte sortu berriaren lehen garbiketa ekintza izan da, eta 28 pertsona bildu dituzte. Oro har, plastiko zatiak, kristalezko botilak eta metal zaharrak erauzi dituzte uretatik gehien-gehienak aspaldikoak. Lau kilometro garbitu dituzte orotara, eta haien helburua da Aldudeko Errobiren arroa osoki garbitzea, 35 kilometroko luzeeran barrena.