Zenbakiak ez dira behin betikoak baina 1,6 milioi pertsona izan direla Baionako bestetan adierazi du Jean René Etxegarai auzapezak; hots, iaz baino %10 bisitari gehiago. Horrekin batera 550 polizia eta 350 sokorritzailek parte hartu dute segurtasun dispositiboan. Orotara 490 salaketa izan dira lapurretengatik eta 36 interpelaziotatik, 28 atxiloketa izan dira. Horietan paperik gabeko bi atzerritar, erretentzio zentrora eraman dituztenak eta beste bat Frantziako lurraldetik joateko obligazioa ezarri diotena. Gainera, hiru pertsona espetxeratu dituzte ebasketengatik. Poliziak kasik hiru mila alkolemia kontrol egin ditu, eta horietatik 75 pertsonek eman dute positibo alkoholean eta zazpik drogetan. Horrez gain, lau bortxaketa kasu izan dira eta horietarik batek jada salaketa pausatu du polizia-etxean. Bestalde, kasik hil arte kolpatua izan zen gizona; oraino koman segitzen du Baionako ospitalean; hiru erasotzaileak xerkatzeko lanetan segitzen du poliziak.