Hendaia eta Irun arteko oinezkoen zubia 2021etik du frantses gobernuak itxia, terrorismoaren aurkako neurrien barnean. Azken urteetan Bidasoaldeko herritar eta hautetsiek hamaika aldiz eskatu dute zubiaren irekitzea, eta aste honetan ekimen berri bat sortu da zentzu horretan. 30 hendaiarrek gutun bat idatzi eta agerraldi bat egin dute, itxiera zentzugabea salatuz eta herritarren harremanak eta lasaitasuna trabatzen dituela argudiatuz. Hendaiar talde horrek gutuna igorri dio prefetari, eta interneten petizio bat abiatu dute. Lehen hiru egunetan, 1.900 sinadura baino gehiago bildu dituzte.