Ipar Euskal Herriko udako turismo sasoiko bilana egiteko goizegi izan badaiteke ere, lehen asteetako joeren berri eman digu Euskal Irratietan Daniel Olzomendi Euskal Hirigune Elkargoko turismo saileko arduradunak. Datu absolutuei begira, apaltzea sentitzen da bisitari kopuruan, bereziki Lapurdiko kostaldean. Bertan, gutxienez gau bat iragaten duten turistak dira nagusi, egun pasa egiten duten bisitariekin alderatuz. Barnealdera begira, Baxe Nafarroan iragan urteko kopuruak errepikatu dira, eta Xiberoan, iaz %10eko apaltzea izan bazen ere, aurten emaitza hobeak bildu dituzte. Lehen datuen arabera, egun pasa egiten duten txangozaleak dira nagusi Xiberoan, eta iaz baino %25 gehiago izan dira; baina gau bat iragaten duten turistak ere %21 gehiago izan dira udako lehen asteetan.