Euskal Hirigune Elkargoak ekonomia iraunkorraren ikuspegia bultzatzeko hiru saio antolatu ditu. Lehena maiatzaren 8an iragan da Irabarnen (Xiberoa), «Berritu, gutiago kutsatzeko» izenburu pean. Bertan, berrikuntza ekonomikoa eta deskarbonizazioa izan dituzte hizpide. Xiberoako bi enpresaburuk beren esperientziak partekatu dituzte, saioan bildutako beste hamasei parte hartzaileekin, eta Hirigune Elkargoak bultzatu beharko lituzkeen laguntzez eztabaidatu zuten. Heldu den saioa Hazparnen izanen da irailaren 11an, eta ko-eraikuntza izanen dute ardatz. Biharamunean, aldiz, usaiako lanbideetan berritasunak nola garatu gogoetatuko dute Donazaharren.