EELV berdeek beren zerrenda aurkeztu dute senatuko hauteskundeetarako. Julien Brunel izanen da zerrenda buru eta bigarren Alice Leiziagezahar. Ezkerreko zerrenda bateratu baten beharra entzun da luzaz baina azkenean ez da gauzatu. Frédérique Espagnac-ek azkenean beste kalkulu batzuk eginik, bere aldetik joatea erabaki duela eta ez dela adostasunik lortu adierazi dute ekologistek. Etorkizuneko hautagaiak direla azpimarratu dute, «tokiko proiektuak, herrian lan eta bizitzeko eskubidea, tokiko hizkuntzak, edota proiektu erraldoien kontrako borrokak» bultzatuko dituztela adierazi baitute.